2010/05/27

TALDEKIDEAK BAINO GEHIAGO GARENEAN

Duela urte eta erdi Antsoainen Triatloi Talde bat sortu nahi genuela pentsatzen hasi ginen. Haurrek igeriketan, txirrindulan eta korrikan ibiltzea gustukoa zuten. Eta guk, helduok? Ere bai, jakina. Ba, tira, aurrera!
Zein da oraingo Taldearen egoera? Egun 100 bazkide baino gehiago ditu. Ikasturte honetan 30 ume baino gehiagok ikastaro bat egin dute hiru taldeetan banaturik. Aurtengo azaroan Nafarroako Triatloi Federakundeak urtero antolatzen duen Gala gure herrian egin nahi du Triatlón Antsoain taldearen ardurapean. Beraz, aurrera goazela argi dago.

Eta zeintzuk izanen dira hurrengo erronkak? Zer nolako taldea nahi dugu eratu?

Badugu denbora pentsatzeko eta patxadaz hausnarketa egiteko. Urrian elkartuko da zuzendaritza Taldea eta ordurako plan estrategiko bat lantzen hasiko gara.
Bitartean, zer? Orain gozatzea dagokigu. Izan ere, igande honetan Aiegin (Lizarraldea) denboraldiaren lehenengo triatloia ospatuko da eta, nola ez, Miguel Angel Lariosek zioen bezala, uholde berdea bertan izanen da, bai lasterketetan, baita lagunen arteko ondorengo bazkarian ere.
Zorte on eta eutsi goiari igandean.