2010/04/14

LAGUNEKIN UROLA KOSTAN

Aste Sainduan landa etxe batera joan ahal izateko Cristinak bilatze lanari ekin zion. Honela, "Top rural" webgunea arakatu eta azkenik bi aukera eman zizkigun: Errioxa ala Gipuzkoako kostaldea.
Gure artean hitz egin eta Urola Kostara joatea erabaki genuen. Kokapen oso polita daukan Santa Klara izeneko landa etxea aukeratu genuen. Mendixka batean dago kokaturik eta Zumaia eta Kantauri itsasoa ditu ikusgai pare-parean. Toki ederra da, zinez.
Lehenengo eguneko arratsaldean iritsi, ibilgailuen maleteroetatik gauza guztiak atera ondoren, nolabaiteko etxeko lanak egiten hasi ginen: gelak banatzen, erositako janariak, edariak eta biziokeriak sukaldean antolatzen, haurrak zoko guztiak arakatzen, ...

Haurrei gela guztietan telebista edukitzea asko atsegin zitzaien, nahiz eta hurrengo egunetan kasu handirik ez zioten egin.
Askoz arrakasta handiago pin-pon partidek izan zuten. Ze nolako norgehiagoka jokatu ziren. Goizean, gosaldu ondoren, bazkaldu baino lehen, ondotik, arratsaldean, gauean... Noiz nahi.
 
Argazkian Iñaki eta Gonzalo horietariko partida batean agertzen dira nor baino nor. Txikiak aldiz, Irati eta Saioa kasu, pin-ponean aritu beharrean, kanpoko parkera ateratzen ziren maiz.
Zumaia herria Deba eta Getariaren artean dago. Deba herriaren gertu Itziar dago. Bertara joan ginen bigarren egunean, hain zuzen Txindurri Iturri izeneko sagardotegira. Gustura egon ginen. Badakizu, txotx eginez, bapo bazkalduz, gozo-gozo solasean...

Biharamunean Zumaiako inguruetatik itzuli bat eman genuen. Lehenengo urratsak menditik eman genituen. Animaliak non nahi agertzen ziren: ardiak, behiak, zakurrak, behorrak ...
Hasieran haize apur bat bazebilen ere, paraje eder horietan ongi jasaten zen. Gero herritik bertatik ibili ginen. Polita suertatu zen goiza. Gure txikiek ederki gozatu zuten, harat honat ibiltzen, atsedenaldirik hartu gabe.

Beste egun batean Deba herria bisitatzera abiatu ginen. Kotxeak aparkatzeko komeriak pasa ondoren, hondartzara abiatu ginen. Eta honelako kasuetan gertatzen den moduan, umeak itsasorantz zuzen-zuzen.
- Kontuz urarekin! Ez Busti! - zenbaitek oihukatzen zuten bitartean, haurrak itsasertzean saltoka.
Eta imaginatzen ahal den bezala, batzuk ederki busti ziren.


Hurrengo egunean landa etxean bertan gelditu ginen. Nekazal etxe honetan abereak zituzten eta haurrak zoko guztiak ongi ezagutzen zituztenez, gu, helduok, etxean lasai-lasai egoten ginen, afaria prestatzen, hitz egiten, garagardo bat hartzen...
Hemen Mikel behiei belarra ematen ikus daiteke. Eta beheko argazkian bertako ahuntzak ageri dira.
 

Zarautz herrira ere joan ginen beste behin. Garagardo-besta bat bazegoen antolatuta. Gu, ordea, hondartzako pasalekuetatik ibili ginen gehien bat eta gero parke batera joan ere joan ginen.


Egonaldiaren une politenariko bat txahal bat jaiotzearena izan zen. Izan ere, Santa Klara ondoko Pikote izeneko baserrira paseoan joan eta bertako biztanleak berria eman zigun. Behi batek aratzea eduki berria zuen. Sortu eta 20 minutu pasatzerako txahalak jada zutik jartzea lortu zuen. Haurrak, helduak eta baserritarra pozik. Biharamunean, argazkian ikus daitekeenez, aratzea primeran zegoen, garbi-garbia eta errapiei esnea ateratzeko prest.

Eta azken eguna iritsi zen. Izugarri eguraldi polita. Bertako etxean denok ondarreko argazkiak atera eta gero,

flysch-ak ikustera abiatu ginen.

Hara bertaratu eta lehenengo aurkikuntza: karramarro bat. Zenbat denbora egon zen Mikel karramarro horrekin gora eta behera. Bere maskotatzat hartu nahi zuen. Azkenik, ederki kostata, amore eman eta askatu egin zuen.
Toki polita da. Mareak behera egiten duenean, flyschak agerian gelditzen dira. Izugarrizko ikusmira geologiko zeuden. Ikusgarria, benetan.
Gure oporralditxoa bukatzeko bertako parke batera joan ginen azken orduak pasatzera. Gelditzen ziren soberakin guztiak bazkaldu, azken jolasak egin eta
arratsaldean bakoitza bere etxera.
Hurrengo arte!

No hay comentarios:

Publicar un comentario