2010/02/07

PAGODI SORGINDUAN GALDURIK

Larunbat eguerdian etxeko telefonoak hots egin zuen:
- Nor da?
- Yoli naiz. Bihar Urbasara joanen gara. Animatuko zarete?
Nola esan ezetz. Gustura gainera. Beste lagunei deitu eta jada plana egina. Martinek Napar Bideak izeneko webgunean arakatu eta Pagodi Sorgindua izeneko parajera joanen ginela azaldu zigun.

Igandea. Eguraldi polita. Antsoainen euririk ez, eguzkia aspaldiko partez eta Beatriz eta Laura, ohi bezala, prest. Irtetzean 9 gradu. Iristean Urbasan, aldiz, 5 gradu. Hotz xamarra, baina tira. Segituan ibiltzen hasten gara. Errepidearen ondoan bertako harrobitik harriak ateratzeko erabili izan omen zuten trenbidearen zati bat ikusgai eta jostagai dago. Hortxe, elkarren atzetik, Saioa (oraindik gogotsu), Mikel, Aimar eta Laura saltoka.

Lehenengo unetik harritzarrak agertzen zaizkigu. Hemen ikaragarrizko harkaitzak daude eta bakoitzak bere izena omen du. Zein da hau? Martinek suge bat dela, Mikelek krokodrilo bat. Batek daki. Hala ere, haurrak harriaren gainera.
Goazen aurrera. Gero eta gorago.

Gero eta elur gehiago.


Bat batean, Donald ahatea izeneko harkaitza. Handia, ikusgarria. Nola ez, umeak gora.


Arrera joan eta beste harkaitz berriak. Eta hauek zeintzuk izanen ote dira? Denak begira, denak izenak jartzen, denak liluraturik, denak sorgindurik.

Bat batean, batek:
- Begira, begira! Bisontea.
Segituan Laurak liluraturik:
- Itxoin. Nik ukitu nahi dut.
Eta Aimarrek:
- Nik janaria eman.
Biek:
- Atera orain argazkia.
Pixka bat gehiago eta Martinek kobazulo bat aurkitzen du.

Orduan, Mikelek, ustekabean, elur bola bat norbaiti botatzeko prest zegoenean.
- Mikel, utzi elurra eta sartu barrura!
Zintzo, errana bete. Atzetik Beatriz dator.
Dagoeneko Mikel, beste aldean zegoen den-dena arakatzen.

Handik atera eta Saioaren lehen kexak.
- Ama, Bea, hotz naiz. Lagundu.

Ordurako jaisten pentsatzen hasten gara. Haurren botetan elurra sartuta, oinak hozturik dituzte.
Martin, bidean gora egin beharren, behera ibiltzen hasten da. Batek dio:
- Begira zein polita harrizko horma hori.
Eta Beatrizek:
- Jar gaitezen eskaileran. Atera argazkia!
Saioak, ordea:
- Goazen. Hotz naiz!

Yoli ondoko goroldioaz ohartzen da.
- Zein polita eta lodi dagoen.

Saioak, beste puntan, gauza bera egin nahi du. Bere nekea gorde eta:
- Egin argazkia, aitatxo!

Konturatu orduko Saioa aupaz dago. Mikelek, Laurak eta Aimarrek oraindik beste harkaitz bat aurkitzen dute. Dagoeneko izenik ez dute esaten. Hiru hauek ere nekatzen hasiak dira.

Nola nahi ere, oraindik beste ustekabe bat. Lore bat elurretan. Harriturik diote:
- Begira, bizirik.

Eguerdia pasa eta alde egiteko ordua iritsi zaigu. Jonek badaki saria izanen dugula laister Bakedano herrian. A zein fin ibiltzen den mendia. Gainera oraingo honetan Yoliren eskularruak jantzita, hotzik ez.
 

Bazkaltzera Urbasaren beste aldera goaz. Lizarralderantz eguraldia argituago eta beroxeago. Eta bazkaltzen hasi behar dugunean, azken ustekabea. Hara non Alfonso Urederra jatetxeko atetik sartzen. A zein aldaketa Beatrizen aurpegian. Iñaki, nola ez, beste haurrekin Lizarrosta pilotalekuan jolasten gelditu da.
Bazkaria oso ona zegoen. Etxekoa, oparoa, anitza. Den-dena gozo zegoen. Haurrak postretarako berriz ere frontoian. Ez dute barkatzen. Batzuetan pentsatzen dut ez garela oso eredugarriak izaten, seme/alabek aunitzetan gurasook kirola egiten ikusten baikaituzten eta, halabeharrez, beren ispilua izaten baikara.

Baina, ze demontre! Guk ere kiroltazuna daramagu erraietan. Noiz arte? Auskalo. Bitartean, gustura egiten duguna barnetik ateratzen zaiguna. Denok jolastera. Tira, denok ez. 

Beharrik Yoliren sentsibilitatea eta nahiak gureak baino jantziagoak eta anitzagoak direla. Saioa ere, nonbait, beste pasta batekin bide dator. Ikusiko dugu.

Ah, Bea, Yoli, ia ahaztu zait. Zer da Laiatu? Gaur esanahi guztia kontatuko ez dizuedan arren, euskaraz ikasten eta jada ene artikulutxoak irakurtearazteagatik, saritxo bat emanen dizuet: Laiatu haize mota bat da. Nola? Zein? Erantzun eta informazio gehiago hurrengo kapituluan. Eutsi goiari eta Erribera, Egipto eta Kariberen bueltan horren berri gehiago izanen dugulakoan, laster arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario