2013/06/24

POZTASUNA BIDERKATUZ

Larunbatean, goizeko 8 puntuan, eguzkia goian eta ia 200 lagun Ollarango itzulia egiteko prest.
Txurregi mendizale taldeak antolatu du martxa hau. Lehenengo aldia da. Irteeran denetik dago, mendizaleak eta korrikalariak nahasturik. Nor baino nor. Bi aukera daude. Itzuli motza, 19 km, ia aldaparik gabe, eta itzuli luzea, 28 km, Gaztelu eta Txurregi mendiak igotzen.
Javier Tirapu, Roberto Sánchez eta hirurok berehala martxan hasi gara. Ollo herriko karrikak gurutzatu eta gure aurrean oinezko asko eta korrikalari gutxi. 
Guk aurrea hartu eta ia, konturatu gabe, tropel buruan gaude. Atzera begira eta korrikalari batzuk azaltzen hasten dira, gure gibeletik gertu. Arteta herria pasa eta bertako iturburura iristerakoan David Senosiain bakarrik gureganatzen da. Ez genuen ezagutzen. Korrikalari heldua baino fina. Gurekin batera itzuli motza korrikan egitea erabakitzen du.
Lehenengo kilometro hauek politenak dira, oso naturalak. Zelaiak gurutzatu, lehengo oin-arrastoak belarretan eta lokatzetan utzi, behorrak gurekin gurutzatu, txakurren zaunkak entzun... Azken finean, natura sentitu. Berehala, Ultzurrunera iritsi gara. Herri hau esnatu gabe dago. Une ederrak izan dira bizi berri ditugunak, sakonak, goizeko garbitasuna eta freskotasuna bezalakoak. 
Guk segi aurrera. David "komunetik" pasa eta berriz ere harrapatzen gaituenean, Saldise herrian gaude. Lehenengo otordua. Ur pixka bat edan eta 
gure argazkilaria, ia ikusi gabe, lehenengo instantanea egin digu. Abisatu ere ez. Zein azkar iritsi den. Ah, kotxez, jakina!
Hortik indartsu atera eta bide estu batean Nora izeneko txakurrarekin topo egin dugu. A ze nolako abiadura hartu duen gu ikusterakoan. Jabearen maldizioak! 
Eguillor herrira ziztu bizian ailegatu gara, ondoan baitago.
Eta hortik Beasoain, eta une batean Anotz. Jadanik ordu bat korrikan eta 10 kilometro egin ditugu. Errepidea gurutzatu eta jada, gure aurrean, handia bezain eder, Txurregi mendia ageri da. Nola ez gara joanen piramide itxura duen mendi polit horretara. 
Basora sartu eta, hara non, bidegurutze batean despistatu eta galdu egiten gara. Maldak gora, behera, eta 25 minutu edo, galdurik eman dugu. Ezin aurrera eta ezin atzera.
Azkenean, eta Robertoren GPS-ari esker, berriz ere itzuliko bidean gaude. Korikalari batzuek aurrea hartu digute. Ah ze pena! Baino, ez du inporta! Ollarango itzulia ez da bukatu eta polita izaten segitzen du-eta!
Iltzarbe herriko aldemenera iritsi eta itzuli motza bukatu da. Jada 22 km egin ditugu, 18,5 km ofizialki eta 3,5 km galdutrik. Davidi aio esan behar. Berak datorren asteburuan badu non nekatu, Erronkariko Camille Extreme lasterketa gogorrean, hain zuzen. Zorte on opa dizugu, txapeldun!

Iltzarbe herrian sartu baino lehen beste hornidura-gune bat dago. Aquarius pixka bat edan, fruitu lehor batzuk jan eta Gaztelu izeneko mendirantz.
Igoera erraza, etzana, bukaera arte ia korrikan egiteko modukoa. Kaskora ailegatu eta bertan bi lagun gure zain, txartelak zulatu nahian.
Bertan argazkia egin eta ikusmira ederra. Hegoalderantz Ollaran osoa eta, iparralderantz, Arakil aldea. Beroa, izerditan blai gaude, baino hagitz pozik. Gure itzulia menperatzen hasiak gara.
Orain Gaztelu jaitsi eta lepoa hartzera goaz, Txurregi alderantz.
Nekea nabaritzen hasi da. Aldapak ezin menderatuz. Hala ere, bertara doazen mendizaleak baino azkarragoak goazenez, guk segi aurrera. 
Azkenik, alanbrezko hesitik gora eta gora. Harriei helduz eta konturatu orduko, kaskoan gaude. Orain 100 metro inguru eskuinera jo behar Txurregiko postontzia topatu arte.
Bertan berriz ere argazkia egin eta malda behera. Javier, nekatuago, atzerago gelditzen joaten da. Roberto eta biok helmugarantz azkar jeitsi eta
korrikan lehengo janari-gunetik pasa ondoren, azkenik gure saria agertzen da, 
helmuga. Guztira lau ordu pasa eta 33 km inguru egin ditugu. Segituan, beste motatako sariak agertzen dira, hala nola, argazkilariaren aurpegi alaia, pasta-entsalada gozoa, ur freskoa, garagardo hotza, kamiseta, galtzerdiak (saritua suertatu bainintzen) eta gure erronka, Ollarango itzulia egina, alegia. Ospatzen ari garenean, Javier pozik ere azaltzen da. Orain hiruon sentimenduak, bizipenak eta nekeak partekatzen ahal ditugu. 

A ze poza lasterketaren bukaeran. Zinez, martxa gomendagarria, oinez edo korrikan egitekoa baita. 

Honelako lagunekin larunbat goiza igarotzea, Ollaran hunkigarriaren barnan beste modu batez bidaiatzea eta itzuli osoa egitea espero ez duzunean, izandako poztasuna biderkatu egiten da! 

Aio, hurrengo arte!

No hay comentarios:

Publicar un comentario